Kantauri itsasoak brausta jotzen du Getariako haitzetan, baina moila barruan ura bare dago.
Hortxe
hasi, hazi eta egonkortu dugu Irizabal proiektua azken hamarkadatan eta egun, arrain
banaketaren sektorean erreferentziazko enpresa gara.
Arrantzaleei arraina erosi eta merkatari
handiei banatzen diegu, bai Euskal Herrian, zein atzerrian ere.
Tradizio luzeak emandako ikuspegia
uztartzen dugu lan egiteko metodo berriekin eta helburu nagusi bakarra dugu: kalitate altuko arraina
banatzea milaka sukaldetara iritsi dadin.
Arrain Urdina
Aparteko lan teknika
Irizabal enpresan arrain urdinarekin egiten dugu lan.
Hiru dira gure itsasoko perlak:
berdela, antxoa eta hegaluzea. Dena den, beste espezie batzuk ere merkaturatzen ditugu, hala nola:
makaela, hegalaburra, txitxarroa eta sardina.
Kantauriko uretan euskal arrantzaleek tradiziozko
teknikekin arrantzatutako arraina da gure lehengai nagusia eta lan-ildo horrekin jarraitzeari
estrategikoa deritzogu itsasoaren biodibertsitatea eta iraunkortasuna hobekien bermatzen dituzten
teknikak direlako.
Egunez zein gauez
Itsasora begira
Arraina uretatik atera eta berehala izotzetan jartzen da, rigor mortis-a izotzetan eginda produktua
bikain kontserbatzen delako. Behin porturatuta, Getariako egoitza nagusian ditugun puntako
baliabideekin prestatzen dugu arraina geure kamioiekin banatzeko.
Gainera, arraina izozteko
Sorymar enpresa 3 kilometrotara daukagu, hotz-katea bikain mantendu dadin. Beraz, kokapen
estrategikoa izateaz gain, maila altuko baliabide teknikoak ere baditu Irizabal enpresak.
Eta aurreko guztia bezain garrantzitsua da gure inguruko arrantzale eta patroiekin dugun harreman
sarea. Egunez zein gauez itsasora begira bizi garen jendea gara, arrantzaldiak nola joango diren
jakiteko sena daukagu eta lehen eskuko informazioa iristen zaigu etengabe: arraina nora doan,
merkatu joerak nola dabiltzan.
Gure Abantaila
Kresalak zaildu du gure azala
MARIANO LARRAZABAL ALKORTA, sen bereziko txalupa-mutil hura
Irizabal enpresaren arima da eta bere bizitzari begiratuz gero, azkar konturatuko
gara zenbat jakinduria duen enpresaren zerbitzura jartzeko.
Ume-umetan hasi zen Getariako
itsasontzi batean lanean, 11 urterekin hain zuzen, txalupa-mutil. Bere nerabezaro guztia sare, amu
eta karnata artean igaro zituen eta horrek Kantauriko kostaldea eta arrantza mundua barru barrutik ezagutzeko
aukera eman zion.
Tirainak lehorrera eraman zuen 20 urterekin, baina ez zen asko urrundu moilatik,
arrain garraioari ekin baitzion berehala. Apurka-apurka bere proiektua indartu zuen langilearen
adibide argia da Mariano.
1984-tik
Enpresa sendoa Getarian
1984ean, Irizabal sortu zenetik izan da enpresako masta nagusia.
Proiektuan sinetsi du orduz geroztik, arriskuak hartu ditu hainbat alditan
eta, batez ere, sena erakutsi du arrainaren merkataritzan.
Bere sinadura
daramate Greziara, Turkiara edota Frantziara arrain freskoa erosi eta saltzeko XX. mende amaieran ireki ziren bideak.
Bakarka aurrera ateratako itsasontzirik
ez da, ordea. Eta Mariano Larrazabalek ere dakien guztia partekatuta du bere inguruan enpresa sendoa eratuz, langile kualifikatuz osatua, kalitatezko arrain ona ezagutu eta ondo merkaturatzen dakiena.
Urteek emandako ezagutza pribilegiatu hori dugu Irizabal enpresaren etxeko marka. Hala jarraituko dugu olatuek gure herriko haitzetan aparra ateratzen duten bitartean.