ITSASORA BEGIRA

Getaria


1984-tik

Nor gara?

Kantauri itsasoak brausta jotzen du Getariako haitzetan, baina moila barruan ura bare dago.

Hortxe hasi, hazi eta egonkortu dugu Irizabal proiektua azken hamarkadatan eta egun, arrain banaketaren sektorean erreferentziazko enpresa gara.

Arrantzaleei arraina erosi eta merkatari handiei banatzen diegu, bai Euskal Herrian, zein atzerrian ere.

Tradizio luzeak emandako ikuspegia uztartzen dugu lan egiteko metodo berriekin eta helburu nagusi bakarra dugu: kalitate altuko arraina banatzea milaka sukaldetara iritsi dadin.


Arrain Urdina

Aparteko lan teknika

Irizabal enpresan arrain urdinarekin egiten dugu lan.

Hiru dira gure itsasoko perlak: berdela, antxoa eta hegaluzea. Dena den, beste espezie batzuk ere merkaturatzen ditugu, hala nola: makaela, hegalaburra, txitxarroa eta sardina.

Kantauriko uretan euskal arrantzaleek tradiziozko teknikekin arrantzatutako arraina da gure lehengai nagusia eta lan-ildo horrekin jarraitzeari estrategikoa deritzogu itsasoaren biodibertsitatea eta iraunkortasuna hobekien bermatzen dituzten teknikak direlako.


Egunez zein gauez

Itsasora begira

Arraina uretatik atera eta berehala izotzetan jartzen da, rigor mortis-a izotzetan eginda produktua bikain kontserbatzen delako. Behin porturatuta, Getariako egoitza nagusian ditugun puntako baliabideekin prestatzen dugu arraina geure kamioiekin banatzeko.

Gainera, arraina izozteko Sorymar enpresa 3 kilometrotara daukagu, hotz-katea bikain mantendu dadin. Beraz, kokapen estrategikoa izateaz gain, maila altuko baliabide teknikoak ere baditu Irizabal enpresak.

Eta aurreko guztia bezain garrantzitsua da gure inguruko arrantzale eta patroiekin dugun harreman sarea. Egunez zein gauez itsasora begira bizi garen jendea gara, arrantzaldiak nola joango diren jakiteko sena daukagu eta lehen eskuko informazioa iristen zaigu etengabe: arraina nora doan, merkatu joerak nola dabiltzan.


Gure Abantaila

Kresalak zaildu du gure azala

MARIANO LARRAZABAL ALKORTA, sen bereziko txalupa-mutil hura Irizabal enpresaren arima da eta bere bizitzari begiratuz gero, azkar konturatuko gara zenbat jakinduria duen enpresaren zerbitzura jartzeko.

Ume-umetan hasi zen Getariako itsasontzi batean lanean, 11 urterekin hain zuzen, txalupa-mutil. Bere nerabezaro guztia sare, amu eta karnata artean igaro zituen eta horrek Kantauriko kostaldea eta arrantza mundua barru barrutik ezagutzeko aukera eman zion.

Tirainak lehorrera eraman zuen 20 urterekin, baina ez zen asko urrundu moilatik, arrain garraioari ekin baitzion berehala. Apurka-apurka bere proiektua indartu zuen langilearen adibide argia da Mariano.


1984-tik

Enpresa sendoa Getarian

1984ean, Irizabal sortu zenetik izan da enpresako masta nagusia. Proiektuan sinetsi du orduz geroztik, arriskuak hartu ditu hainbat alditan eta, batez ere, sena erakutsi du arrainaren merkataritzan.

Bere sinadura daramate Greziara, Turkiara edota Frantziara arrain freskoa erosi eta saltzeko XX. mende amaieran ireki diren bideek.

Bakarka aurrera ateratako itsasontzirik ez da, ordea. Eta Mariano Larrazabalek ere dakien guztia partekatuta du bere inguruan enpresa sendoa eratuz, langile kualifikatuz osatua, kalitatezko arrain ona ezagutu eta ondo merkaturatzen dakiena.

Urteek emandako ezagutza pribilegiatu hori dugu Irizabal enpresaren etxeko marka. Hala jarraituko dugu olatuek gure herriko haitzetan aparra ateratzen duten bitartean.


Irizabal Logo

IRIZABAL S.A.
ARRAIN URDINAK

Legezko oharra - Pribatasun politika - Kookien politika